Beldurgarria eta ikaragarria. Hitz bi horiekin deskribatuko nuke orain dela egun gutxi Japonian gertatutakoa. Tsunamiak eta ondorengo lurrikarak modu bortitzean jipoitu dute lurralde asiarra, irudiak ikusi besterik ez daukagu egoeraz ohartzeko.

Azken egunetan albistegiak, irrati emanaldiak eta egunkarien argitalpenak aipatutako bi gertakarietan zentratu dira gehienbat. Ez da harritzeko izan ere, eta adituek diotenaren arabera, hildakoen kopurua ikaragarri handia izan daiteke eta baita efektuak ere. Aipatzekoa da gainera, lurrikarak eta ondorengo tsunamiak zentral nuklearren eraikinetan eragina izan dute, Fukushimako zentral nuklearrean gertatutako eztanda esaterako. Eztanda horrek eta oraindik gertatu daitezkeen beste hainbatek paniko nuklearra eragin dute japoniarren artean. Japonian Txernobil hirian gertatukoaren antzeko zerbait gertatuko denaren beldur dira.

Gizon bati erradiazio maila neurtzen

Gertakizun horien guztien berri hitzen bidez zein bideoen edo irudien bidez izan dugu. Nik esango nuke aipatutako azken horiek, irudiek, izan dutela inpaktu gehien jendartean. Bai behintzat nire kasuan. Joxek, gure irakasleak, e-mail bidez Japoniako egoeraren berri izateko esteka bat bidali digu. Bertan klik eginda argazkiak ikusi ahal izan ditugu, hondamendia iritsi baino lehenago lurraldea zein egoeratan zegoen eta hondamendiaren ondoren nola dagoen ikusi ahal izan dugu hain zuzen. Zur eta lur geratu naiz horiek ikustean. Okerrena da hondamendi naturalen aurrean ezer gutxi egin daitekeela, ez behintzat aurrez abisatzen ez bada edo irtenbiderik bilatzen ez bada. Hori da askok eta askok Japoniako gobernuari leporatzen diotena, eta ulertzeko da. Milioika pertsona hil dira jada eta egoeratik  onik ateratzen direnak zein etorkizun izango dute, izango al dute aurrera jarraitzeko aukera? Nik, irudiak erreparatu ondoren, ez dakit zer pentsatu.

Amaitzeko, guztiaren gainetik gauza bat azpimarratu nahiko nuke: hiritar japoniarren jarrera. Benetan txalogarria eta miresgarria. Kaosaren aurrean ulertzekoa izango litzateke bakoitzak  bere biziraupenera erreparatzea eta dendetatik edo supermerkatuetatik ahalik eta jaki edo material gehien hartzea. Baina oraingoz eta nire sorpresarako ez da horrelako ezer ez gertatu. Egia da dendak ia erabat hustu direla, baina ahal izan duten neurriraino “normaltasun” osoz aritu dira, ilarak errespetatuz, ondokoa errespetatuz alegia. Miresgarria.

Inork ez daki zer gertatuko den Japoniarekin, baina egia esan ez dauka oso itxura ona. Nik etorkizuna nahiko beltz ikusten dut, ez bakarrik lurralde asiarrarentzat baizik eta guztientzat.