“Orgasmo bat” testuan azaldutako kasuaren hausnarketa

Utzi iruzkina

Orgasmo bat, izenburu hori zeukan testu baten inguruan aritu gara lanean gaurkoan Joxeren eskolan. Testuak neska bati mugikorrarekin grabatu zituen hainbat bideorekin gertatutakoaz hitz egiten zuen, hau da, pribatua dena publiko egitea. Neskak, Natalia izenekoa, atzerrian zegoen mutil lagunari opari bat egin nahi zion eta masturbatzen zen bitartean bere burua grabatzea erabaki zuen. Berez bideo horiek berez mutil lagunari bidaltzeko ziren, baina zoritxarrez eskuko telefonoa galdu eta herriko mutil batek ikusi behar ez zuen bideoa topatu zuen. Mutilak, Eneko izenekoa, bideoa lagunei erakutsi eta herri guztiaren zehar zabaldu zen. Ondorioz Nataliak jendearen begiradak eta hitzak jasan zituen eta Enekori eta bere lagunei Ertzaintzak arrastoa jarraitu zien.

Zein da erruduna? Nork dauka erantzukizun gehiena? Ekidin zitzakeen egoera al da? Nire ustez eta klasean eman ditugun azalpen eta arrazoi guztiak entzun ondoren esan beharra daukat oraindik ez dudala oso garbi errua benetan norena izan den. Kasu irakurri eta berehala Eneko hartu dut errudun nagusitzat. Izan ere, mutilak bideoak hartu eta Nataliari bueltatu beharrean lagunei erakutsi eta zabaldu zituen. Beraz, bera da Nataliak ondoren jasandako egoeraren errudun. Baina nire gelakideek emandako erantzunei erreparatuz ohartu naiz erru guztia ez dela Enekorena, Natalia ere badela errudun. Neskak eskuko mugikorra galdu ez balu, bideoak ez ziratekeen inoiz Enekoren eskuetara iritsiko. Pentsatu daiteke norberak bere mugikorrarekin nahi duena egin dezakeela eta egia da, baina ondoren horrelakorik gertatuz gero pertsona izan dadila erantzule. Arrazoi horrengatik, bat nator orain klasean esan denarekin eta biak errudun direla uste dut.

Atera dudan beste ondorio bat da askotan Internet eta eskuko telefonoa moduko tresnak edo baliabideak uste duguna baino potentzia handiagokoak direla. Joxek beti esan digun bezala Internet oso ona da, izugarrizko baliabidea, baina egokitasunez erabilia ezean arriskutsua ere izan daiteke. Kontuz ibiltzea beharrezkoa da Nataliari gertatutako egoeraren antzeko bat gerta ez dakigun. Ziurrenik Nataliak, bizi izan zuen egoeraren ondoren, ez zen gustura sentituko herrian, jendartean… Bizitza erabat baldintzatuta geratu zitzaion.

Hausnarketarekin amaitzeko niri noizbait antzeko bideorik iritsiko balitzait egingo nukeena aipatu nahi ut. Ziurrenik bideoa ikusiko nuke, baina ez nuke bideoa mugikorrera pasatzeko eskatuko, ondoren nik, beste norbaiti bidaltzeko. Zergatik ikusiko nuke? Sinplea, kuriositateagatik. Hala ere, argi daukat ez nukeela zabalduko, izan ere, ez zait gustatzen besteei niri egitea gustatuko ez litzaidakeen zerbait egitea.

Komunikaldiak 2011

Utzi iruzkina

Asteazkenean Komunikaldiak 2011 programaren barruan aditu batzuek hitzaldiak eskaini zizkiguten. Aurtengo komunikaldien ardatz nagusia egile eskubideen gaia izan zen, beraz fakultatera hurbildutako hizlariak gai horretan aditu dira eta bakoitzak bere ikuspuntua edo lanpostuaren araberako diskurtsoa eskaini zigun.

Hitz egiten lehenengoa Luistxo Fernández izan zen, software librean aditua. Bere hitzaldia eskubide digitaletan (kultura eskubidea, sormen eskubidea, guraso eskubideak…) zentratu zuen. Diskurtsoari hasiera emateko Totoro marrazki bizidun Japoniarraz mintzatu zitzaigun, izan ere,  Zaldi Eroak Berria aldizkarian argitaratzen duen tiratako batean txertatu zuen bere irudia. Berrian azaltzeaz gain Toy Storyren azken filmean ere ageri zen, baina bi kasuen artean desberdintasun nabarmena zegoela aipatu zigun Luistxok. Lehenengo kasua zentzu legal baten ikuspuntutik begiratuta ziurrenik ez da legala izango, baina bai ordea bigarrena. Toy Storyren Totoro agertzea ez da legez kanpoko jarduera izango Pixar eta Ghibiliren arteko akordio zuzen bat dagoelako, hau da, marrazki bizidun horien jabe diren enpresen arteko akordioa.

Kulturari dagokionez esan zigun berak gaztea zenean ezagutzen zuen kultura kontzeptua eta gaur egun ezagutzen duena ez dela berdina. Gaztetan kultura oso zentzu zabalean ulertzen zuen, baina gaur egun industria berezitzat jotzen du kultura, sormenean oinarritutakoa. Remix global bat da, identitate propioa eta nazioarteko kulturarik erakargarriena nahasteko gaitasuna daukana. Horregatik baieztatzen zigun behin eta berriz sormenik gabe ez dagoela kulturarik., hau da, Teknologia eta historiaren edo sormenaren kontra egiten bada ez da kulturarik egongo.

Baina sormena egoteko beharrezkoa da sortzaileak ere egote, beraz nola sortu sortzaileak? Kultura ematea ezinbestekotzat jo zuen Luistxok. Sormenerako gustua eman, globalki remixatu. Berak adibidez Pixar eta Hayao Miyazakaren (Tototoren sortzailea) pelikulei euskarazko azpitituluak jarri dizkie bere seme-alabek ikus ditzaten. Badaki berez legez kontrako jarduera dela baimenik eman ez diotelako, hala ere egiten du.

Badauzka gainera seme-alabenganako kezka jakin batzuk. Arantxa Urretabizkaiak esandakoaren kontra dago erabat, izan ere berarentzat gakoa ez dago herentzian baizik eta sormenean. Horregatik esaten du kopia ez dela lapurreta eta partekatzea ona dela, betiere kontzeptu etikoak garbi izanda. Izatez industriari komeni zaiona lapurreta egotea dela baieztatu zuen, izan ere, enpresa bati bere produktua lapurtzen badiote produktu hori berreskuratu nahi izango du eta ondorioz berriro erosi.

Luistxok bere hitzaldia amaitu eta Ignacio Casadori egokitu zitzaion hitzaldia ematea. Ignacio Casado Euskadiko SGAEko zuzendaria da eta hitzaldian honako gaiaren inguruan mintzatu zitzaigun: la propiedad intelectual y los derechos de autor: el salario de los creadores.

Egile eskubideen historiari buruzko hainbat datu eman zizkigun lehenik eta behin. Esan zuenaren arabera ez zen izan 1710. urtea baino lehen egilearen autoretza agertu. 14 urtez beraien lana babestu zezaketen, behin urte horiek igarota bi aukera zituzten: beste hainbat urterako egoera hari jarraipena eman edo bestela pribilegioak izateari utzi. Espainian bi lege sortu ziren, bata 1847an eta bestea 1879an 1987ra arte iraun zuena. Ignaciok beste ideia bat argi utzi zuen, gero eta garatuagoa herrialde bat orduan eta egile eskubide gehiago. AEB da zerrenda horretan lehena. Gainera legeak bertako artistak babesteaz gain, etorkinak direnak ere babesten ditu.

Ignacioaren hitzetan egilearen eskubidea obraren egilea babestea da. 1987ko legearekin gero eta jende gehiagok dituzte eskubideak (produktoreek, artistek…). Copyright kontzeptua ere definitu zuen: egileak egiten duen obra orientazio komertziala daukan marka batekin babesten du, enpresa-interesak autoreenak baino gehiago babesten ditu gainera.

Kontzeptu horiek definitu ondoren beste hainbaten inguruan ere mintzatu zitzaigun, autoreak eta jabego intelektuala esaterako. Dauden obra tipo desberdinak ere bereizi zituen, hala nola obra berri eta autonomoa, obra independentea, obra deribatuak…

Orokorrean esanda honela definitu zituen Ignaciok egileen eskubideak: eskubide moralen(obraren etengabeko aitatasun onarpena) eta esplotazio eskubideen (produkzioa, distribuzioa, komunikazio publikoa, autorearen soldata…)arteko uztarketa.

Goizeko azken hitzaldia David Bravok eskaini zigun. David jabetza intelektualean eta informatika zuzenbidean aditua da eta bere hitzaldiaren izenburua honako izan zen: la lucha contra el intercambio de cultura en Internet.

Argi eta garbi utzi zuen hitzaldiaren hasieran berarentzat kontsumitzaile ona izatera bultzatzen gaituzten publizitate kanpainak eta mota honetako beste hainbat jarduera esklusio kosteak (produktua babestu) besterik ez dira. Kanpaina horiek hiritarrak konbentzitzeko erabiltzen direla baieztatzen dute adituek, baina Davidek esan zuenaren arabera guztiz kontrakoa den efektua lortu dute. Hala ere, aipatutako esklusio hori ez da posiblea jabetza intelektualean.

Daviden ustez doktrinamendua lortu nahi dute eta ez heziketa edo kontzientziazioa eragin. Lehen aipatutako kanpainak etengabekoak izatera iristen direnean, kanpaina izatetik propaganda izatera igarotzen dira. Kultura Ministeriotik  efektu hori lortzen ari dira. Ministerioak uste du publizitate kanpainak behin eta berriro errepikatzen badira efektua izango dutela hiritarrengan, baina ez da antzeko ezer gertatzen.

Behin ideia hori azaldu eta publizitate kanpainak kritikatu zituela, egile eskubideen inguruan hainbat kontzeptu azaldu zizkigun. Bera abokatua denetik jabetza intelektualaren inguruan dagoen lege bat azaldu zigun oso modu sinple eta ulergarrian. Legea, modu penalaren ikuspuntutik, bi elementutan banatzen da: elementu objektiboa eta elementu subjektiboa. Lehenengoa baimenik gabe obra bat kopiatzea edo beste batekin partekatzea da. Bigarrena, aldiz, obrarekin irabazi-asmoa izatea. Erabiltzaile batek bi ezaugarri horiek bete beharko ditu kartzelara joateko. Davidek esan zigunaren arabera, ohiko erabiltzaileek soilik lehenengoa ezaugarria betetzen dute.

Ondoren berak abokatu moduan eskuartean izan zuen kasu bat azaldu zigun. 2006an lotura orrien kontra sarekada handia egin zuten eta orrialde horien hainbat administratzaile atxilotu zituzten. Epaileak epaia eman baino lehen prentsak bere epai propioa egin zuen. SGAE k ez zuen aukera galdu eta jo zituen erruduntzat notizia jakin bezain laster. Baina aurrez azaldutako legearen arabera lotura orrialdeok erabat errugabe ziren. Arrazoia oso sinplea da: administratzaileek loturak besterik ez zituzten txertatzen orrialdeetan, artxiba bakar bat ere ez zuten eskaintzen. Beraz legearen elementu subjektiboa betetzen zuten soilik, izan ere, ez zituzten baimenik gabe besteen lanak  kopiatzen edo erabiltzaileari eskaintzen zuzenean.

Azkenaldiak hain entzuna izan den Sinde legeaz ere mintzatu zitzaigun David. Nahiko kritiko azaldu zen. Komisio bat sortu zuten gobernuan eta jendearen eskakizunei so eginez abokatu bat sartu zuten talde horretan. Hasieran ez zen jakin abokatuaren zereginak zeintzuk ziren, baina azkar ohartu zen jendea ez zituela gaien inguruan irizpenak ematen. Orduan hiritarrak kexatu eta erantzun moduan beste abokatu bat sartu zuten taldean, baina nahiz eta gaur egun bi  abokatu egon beraien funtzioa hasiera batean zutenera mugatzen da, hau da, ezer ez egitera.

Davidek honekin guztiarekin azaldu nahi ziguna zen esklusioak ez duela ezer ez konpondu. Gaur egin jabetza intelektuala, egileen eskubideak… bizi duten egoera saihestezina da, nahiz eta konponbide baten bila ibili.

Arratsaldeko saioan mahai inguru bat izan genuen eta hurrengo gonbidatuak izan genituen: Oier Araolaza dantzaria, Xabier Mendiguren idazlea eta editorea eta Gorka Chamorro Musikherriako kidea. Hainbat gairen inguruan aritu ziren hizketan, baina biri batez ere bat egin zitzaidan interesgarri: jabetza intelektuala.

Oierrek esan zuen dantzarien artea ez dela egon inoiz obra baten autoretzaren inguruan kontzientzia handiegirik. Bere alorrean etengabeko sorkuntza batean daudela murgildurik, etengabeko brikolajean. Hala ere, baieztatu zuen azkenaldian dantzari gutxi batzuk hasi direla beraien lanak erregistratzen egile eskubideak direla eta. Baina askotan erregistratuta dauden lanak interesa sortzen ez dutenak direla aipatu zuen Oierrek eta ez duela ikusten sektorea egile eskubideen kontu horretara benetan egokitzen ari denik eta bere uste egokituko ez dela.

Gorkak aipatu zigun beraren ustez jabego intelektualaren industria lortzen dela komertzializazioarekin batera. Kulturaren gainbehera kontzeptu horrekin lotu zuen, izan ere, artistek sortzen dituzten lanak entzule gutxi batzuek besterik ez dituzte entzungo edo ikusiko. Internetek lan horiek zabaltzeko aukera ematen die artistei, beraz, copyleft edo lanak zabaldu ahal izateko ez dituzte mugak jarriko.

Xabierrek adierazi zuen idazleek erreputazio eta ospera badutela, baina euskal kultur sistemako paria ekonomikoa direla. Idazleek beraien obragatik jasotzen den dirutik oso zati txikia jasotzen dute. Agian arrazoi honengatik Xabierrek ez zuen iritzi jakin bat copyright eta copyleftaren inguruan. Bien alde azaldu zen uneoro.

Azken mahai-inguru honekin amaitu ziren 2011ko Komunikaldiak. Interesgarria iruditu zitzaidan gai jakin baten inguruan, egile eskubideak kasu honetan, jendeak zituen ikuspuntu desberdinak entzutea. Etorkizunean baliagarria egingo zaizkigun ideiak eta kontzeptuak ikasi edo ezagutu genituelako sentsazioa daukat.