Gaur egun hainbat nabigatzaile mota dauzkagu eskuragarri, baina zein da erabiliena edo gustukoena? Aditu batzuen testigantzak irakurri ondoren eta baita HUHEZI fakultatean IKO ikasketak burutzen ari diren kurtso bakoitzeko bi ikasleek erantzun didaten arabera ere, Mozilla FireFox da gehien erabiltzen den nabigatzailea. Hala ere, Google Chrome gero eta erabiltzaile gehiago bereganatzen ari da.

Datuak lortzearren hauek izan ziren planteatutako galderak:

Zein nabigatzaile erabiltzen duzu Interneten nabigatzeko garaian? Zergatik?

Ikusi ditzagun, beraz, ikasleek erantzundakoa ondorioak atera ahal izateko.

Jone Albeniz (IKO 1): “Nik FireFox erabiltzen dut. Lehen Windows Explorer erabiltzen nuen eta hondatu egin zitzaidan. Ordenagailua informatika dendara eraman eta bertan zuzenean FireFox instalatu zioten. Arrazoi horretaz gain, entzuna daukat Explorer nabigatzailea erabilita, zeharka bada ere, dirua ematen ari naizela Microsoft enpresari. Beraz, egokiagoa iruditzen zait FireFox nabigatzailea erabili eta aplikazioa instalatzeagatik ordaindutako diruaz gain beste ezer ez ordaintzea.”

Laida Beristain (IKO 1): “Safari erabiltzen dut gehienbat, izan ere,  Apple markako ordenagailua daukadalako eta honek nabigatzaile hori dakarrelako. Gainera erraza da maneiatzen. Horretaz gain, Google Chrome ere erabiltzen dut noizean behin, batez ere etxeko ordenagailuan nabilenean. Arrazoi nagusia: besteak baino azkarragoa da.”

Jokin Uribeetxeberria (IKO 2): “Nik erabiltzen dudan nabigatzailea Google Chrome da. Betidanik erabili izan dut Mozilla FireFox ( anti Internet Explorer naiz), aplikazio asko eta erabilgarriak  baititu. Baina joan den urtean Chrome aurkitu nuen eta onena dela uste dut, batez ere, besteekin alderatuz azkarrena delako.”

Oihan Vitoria (IKO 2): “ Momentu honetan Google Chrome nabigatzailea erabiltzen dut. Lehen Internet Explorerrekin ibiltzen nintzen sarean ez nuelako besterik ezagutzen. Dena den, aurreko urtean Google Chrome nabigatzailearen berri izan nuen eta ordutik hona, hori erabiltzen dut. Diseinu sinplea dauka, argia da, ez du arazorik ematen eta gainera erabiltzeko erraza da.”

Jone Etxabe (IKO 3): “ FireFox erabiltzen dut, Internet Explorer baino azkarragoa dela iruditzen zaidalako gehienbat.”

Ane Vitoria (IKO 3): “Mozilla Firefox da nik erabiltzen dudan nabigatzailea. Alde batetik, ordenagailua itzali edo interneteko konexio moztuz gero, lehengo saioa berriz ere hasi daiteke, eta bestetik, aldi berean erlaitz ugari irekita izateko aukera eskaintzen duelako.”

Itsaso Manias (IKO 4): “ Google Chrome erabiltzen dut. Sinpletasuna eta azkartasuna dira arrazoi nagusienak. Gainera, FireFox eta Explorer nabigatzaileen aldean, zabor gutxiago sortzen du.”

Alexander Silva (IKO 4): “Nik etxean hiru nabigatzaile ditut: Explorer, Mozilla eta Chrome. Orokorrean Explorer erabiltzen dut. Ez du errorerik apenas ematen, gauzak ez zaizkit lekuz mugitzen edota deskoadratzen, denborarekin hori erabiltzera ohitu naiz. Erlaitz sistema oso ona du (nire ustez Mozillak baino hobeagoa, ia batera kaleratu zuten), gainera, unibertsitateko gestioak eta abar egiteko (erakunde orokorrenak ere) Explorer erabiltzea derrigorrezkoa da. Bertan ditut RSS guztiak gordeta. Lanean ere, derrigorrean Explorer erabili behar genuen, sistema horrela eta horretarako baitzegoen egina.
Nire bigarren aukera Chrome da. Oso sinplea, ikaragarri azkarra… Mozilla ez dut ia erabiltzen. Ez dut gustuko, errore asko ematen ditu orrialde askotan, traba handia da gauza askotarako… Gainera, denbora asko galtzen dut eguneratze bakoitza instalatzen hasten denean.”

Goio Arana (Irakaslea): “ FireFox erabiltzen dut. Batez ere 3 arrazoirengatik: librea delako, euskaraz delako eta gehigarri mordoa dituelako lan zehatzak egiteko aukera ematen dutelarik.”

Aitor Zuberogoitia (Irakaslea): “ Normalean FireFox erabiltzen dut. Zergatik? Fitxen sistemarekin hasi zen lehena izan zelako, euskaraz ere hainbat tresna eskaintzen dituelako (Euskalbar), soft librearen kontuagatik ere bai, baina, batez ere, erosoa zaidalako.”

Ikusi dezakegunez, eta lehen aipatu moduan, Mozilla FireFox nabigatzailea da gehien erabiltzen dena. Baina erantzunei erreparatuta esan daiteke Google Chromek erabiltzaile asko erakarri dituela azkenaldian, ni neu adibidez. Orain arte beti erabili izan dut Internet Explorer, baina aurten Chromen berri izan dut eta benetan erosoa dela iruditzen zait. Sinplea eta azkarra ere bada, azken finean erabiltzaile guztiek nabigatzaile batean bilatzen dutena.

Advertisements