Ainhoa Ayerbe Euskara irakasle Moskun

Itzulpengintza ikasketetan lizentziatu ondoren joan zen lehen aldiz Errusiara. Bi hilabetez egon zen San Petersburgon eta nahiz eta bertan geratzeko ahaleginak egin, Euskal Herrira bueltatu behar izan zen. Gaur egun, Etxepare Institutuak emandako lanpostuari esker, Moskuko Unibertsitatean euskara irakasle lanetan dabil 23 urteko beasaindar hau.

Zerk bultzatu zintuen errusiera moduko hizkuntza aukeratzera?

Itzulpengintzako karreran hiru hizkuntza aukeratu ditzakezu: A, B eta C. Nik A moduan euskara hautatu nuen eta B moduan ingelesa. C hizkuntzan frantsesa, alemana, italiera eta errusieraren artean erabaki beharra nuen. Nire lehen aukera italiera zen, baina ohartu nintzen errusierak etorkizunera begira agian irteera gehiago dituela. Izan ere ez da jende asko animatzen euskara eta errusiera aukeratzera, nahiko konbinazio ez ohikoa da.

Noiz izan zenuen lehen aldiz Etxepare Institutuaren berri?

Zer edo zer entzunda neukan, baina ez nekien zer egiten zuten bertan edo zer eskaintzen zuten. Nire amak iragarkia ikusi telebistan eta komentatu egin zidan. Orduan Interneten sartu eta informazioa bilatzen hasi nintzen. Horrela ohartu nintzen beste lurraldetara irakasle moduan joateko aukera eskaintzen duela.

Zer egin behar izan zenuen Etxepare Institutuaren hautagaietako bat izateko?

Lehenik eta behin eskari orri bat, curriculuma eta karreraren titulua ere entregatu behar izan nituen. Baita proiektu pedagogikoa bat ere; klase orduak nola antolatu edota euskara nola irakatsiko nituzkeen azalduz. Behin hori jasota, eskaerak onartu edo baztertzen zituzten. Bigarren fasean, bakoitzak eskatutako lurraldearen arabera sailkatzen zituzten hautagaiak. Behin sailkapena egiten dutela, curriculumak eta proiektu pedagogikoak puntuaketa jaso zituzten. Etxepare Institutuak destino bakoitzeko puntuazio altuenak zituzten hiru pertsonak aukeratu zituen. Azken erabakia Moskuko unibertsitateak izan zuen.

Desberdintasun asko dago euskal eta errusiar gizarteen artean?

Desberdintasun nabariena agian mutilek neskak tratatzeko duten modua da. Oso tradizionalak dira. Esate baterako, taberna batera joan eta zerbait hartzen badute mutilak ordainduko du edota, kotxera sartzean mutilak neskari atea irekiko dio. Horretaz gain aisialdiko denbora igarotzeko modua ere oso desberdina da. Hemen arratsaldean kafetegira sartu eta bertan geratuko dira etxera joan arte. Eta batzuetan asteburua deskantsatzeko erabiltzen dute, askotan ez dira ezertarako irteten. Euskal Herrian aldiz, tabernaz taberna joateko ohitura dago. Eta asteburuetan ohikoa izaten da familia guztiak kalean ikustea.

Eta euskararen eta errusiarraren artean antzekotasunik?

Nagusiki bi hizkuntzak deklinatzen direla, nahiz eta errusierak deklinabide gutxiago izan eta deklinabide bakoitzak erabilpen gehiago dituen. Deklinatzen direnez, atzizki modukoak gehitzen zaizkie, hau da, hitzaren amaieran deklinabidearen berezko amaiera gehitzen zaie, baina, euskaraz ez bezala, bukaera horiez gain preposizioak izaten dituzte normalean, beraz, gaztelera ere ezagutzea lagungarria izan zait, horrelako gauzak ulertu ahal izateko. Adibidez, ahizparekin esan nahi badut, errusieraz с сестрои esango dugu. Bukaera -ои eta preposizioa с. Dena den, errusierak  generoak bereizten ditu eta euskaraz generorik ez dugunez, gaztelera jakiteak, hein handi batean nahiko laguntzen du. Sintaxian ere batzuetan badago antzekotasunik, eta baita zenbait hitz eta forma osatzerakoan ere.

Nolatan ikasten du errusiar batek euskara?

Guztira 7 ikasle dauzkat. Euskara hautazko ikasgaia dute eta guztiek euskara ikasten dute benetan interesatzen zaielako edo atsegin dutelako. Azken finean, hobby moduko bat da. Batzuk hizkuntzalaritza ikasleak dira eta euskara ikasten dute ondoren hau aztertu ahal izateko. Beste batzuk Euskal Herrian izandakoak dira. Ikusi zuten gazteleraz gain beste hizkuntza bat zegoela eta kuriositateak bultzatuta apuntatu ziren. Badaukat beste ikasle bat 16 urte zituela euskararen inguruan zer edo zer irakurri zuena eta interesa sartu zitzaiola. Aurten euskara klaseetara joateko aukera sortu zaio eta hemen dago.

Azalduko zenuke nolakoa izan daitekeen zure klase bat?

Desberdintasunak desberdintasun, euskara eskolak guztietan ondorengoak egiten saiatzen gara: euskaraz hitz egiten dugu, batez ere, maila aurreratuagoa duten ikasleekin. Hasiberriekin, euskaraz mintzatzen gara, baina, ingelesa edota errusiera erabiltzen dugu zubi hizkuntza gisa. Eskola guztiak euskal gizarte eta kulturarekin zerikusia duten gaietan testuinguratzen ditugu, eta hori baliatuz irakasten ditugu gramatika eta gainerakoak.

Etorkizunera begira, zer egiteko asmoa daukazu?

Orain egiten ari naizenarekin amets bat betetzen ari naiz, beraz asko gustatuko litzaidake Moskun geratzea. Bai behintzat Etxepare Institutuarekin dudan kontratuak irauten didanera arte, hau da, beste bi urtez. Hau amaituta ez dakit ze egingo dudan. Baina, gaur egun, ez litzaidake gustatuko Euskal Herrira bueltatzea.

Advertisements