Gescrap Bizkaiak Caja Laboral Baskonia hartu zuen mendean Euroligako 5. jardunaldian. Garaipen historiko, ez baitziren sekula bi talde euskaldun elkarren aurka aritu Europako ligan. 84-89 gailendu ziren Katsikarisen gizonak, partidua amaitzeko 1:30minutu geratzen zirela 0 eta 8ko partziala sartu ondoren.

Bizkaitarrek markatu zuten hasieratik partiduaren erritmoa. Markagailuan beti aurretik joanda eta gasteiztarrek baino itxura hobeagoa eskainiz. Joko dinamikoa eta erakargarria egiteko gai direla erakutsi zuten. Hala ere, Mirza Teletovicen puntuei eta Pablo Prigioniren antolaketari esker ez ziren asko aldendu markagailuan lehen bi laurdenetan. Atsedenaldira 36-41ko puntuaketarekin iritsi ziren.

Hirugarren laurdena ildo beretik joan zen. Bizkaitarrak nagusi izan ziren, bai markagailua baita jokoan ere. Baina aldea ez zen handia eta azken laurdena hasi baino lehen 62-63 islatzen zuen markagailuak.

Azken laurdenean hasi ziren gasteiztarrak lanean, lehen aldiz aurretik jarriz; 72-71. Bazirudien Baskoniak partiduari buelta eman eta garaipena etxean utziko zuela, minutu eskas geratzen zela aurretik baitzen markagailuan, 81-76. Baina bilbotarren 0-8ko partzialak partidua erabakita utzi zuen. Azken emaitza: 84-89. Bizkaitarren aldetik Vasileaidis izan zen hoberena eta gasteiztarren artean Teletovic.

Hemen ikusgai partiduaren laburpena bideoan.